Elkarrizketa hasteko, zuri buruz pixka bat gehiago jakin nahi genuke. Zein da zure ibilbidea komertzial lanetan? Eta zergatik Latinoamerikan?
Nire ibilbide komertziala 2001ean hasi nuen, Espainiako iparraldeko arduradun komertzial gisa. Hori maiatzean izan zen, eta, urte bereko urrian, gerenteak jakinarazi zidan ordezkaritzan aldaketa bat egin nahi zuela, erdialdeko zona indartzeko, eta aldi batez bi guneen kudeaketa nire gain hartzeko eskatu zidan.
Gehienez urtebeterako izango zena, azkenean ia lau izan ziren, bi zonak eraikuntzaren boom betean eramanez, eta garai hartan GPSrik gabe. Urte horietan astero joaten nintzen Madrilera, eta, Kataluniarekin batera, merkatu nazionaleko zonarik garrantzitsuenak ziren bi eremuak kudeatzen nituen. Egia esan, oso urte biziak izan ziren, lan karga eta bidaiengatik, baina, aldi berean, asko ikasi nuen bezeroen, instalazioen eta agendaren kudeaketari buruz, leku guztietara iristeko malabarismoak egin behar bainituen.
2007. urtean, Kide bere lehen hotz ekipoak fabrikatzen hasi zen, eta 2010ean, “Kidepack eta Kidedryer” gama industriala katalogoan sartu zenean, ekipoen salmenta sustatzeko eta bultzatzeko beharra ikusi genuen, eta Espainian eta Portugalen hotzeko arduradun komertzial izatera pasatu nintzen.
Geroago, 2012. urtearen amaieran, esportazioan gure presentzia eta salmentak zabaldu behar genituela ikusita, batez ere Europan eta Amerikan, Latinoamerikan (LATAM) hasi nintzen lanean, gaur egun arte.
Nola deskribatuko zenuke hotz sektorearen merkatua Latinoamerikan?
Instalazio tradizional samarrak diren merkatu bat da. Ipar Amerikako merkatuaren eragin handia du, eta oraindik ere gasekin lan egiten jarraitzen dute; horiek Europan dagoeneko debekatuta daude, beroketa globalerako indize altua dutelako (GWP).
Gas ekologikoei dagokienez, Europa da mundu mailako erreferentea. Hemen legediak hala eskatzen du, eta horregatik ari da helbururantz aurrera egiten, baina Amerikan, oraingoz, gobernuek ez dute ezer esaten, eta epe laburrean ezer esango duten seinalerik ere ez dago.
Gaur egun, zer proiektu mota kudeatzen ari zara han? Badago interesgarri edo kitzikagarri izan zaizunik?
Urte osoan zehar proiektuak egiten ari gara Amerikako kontinenteko hainbat herrialdetan, Kiderentzat funtsezkoak diren sektoreetan, hala nola HORECAn (Hotelak, Jatetxeak, Cateringa), elikaduran, retailean, eta CEDI (Banaketa Zentroa) motako hotz biltegietan.
Gure produktu gamaren barruan, halaber, haragi sektorerako ekipo espezifikoak ditugu, eta hori oso garrantzitsua da Amerikan, bertan hainbat proiektu egiten ari baikara, ekipoak hornituz herrialde bakoitzeko hestebete eta urdaiazpiko tradizionalak lehortzeko eta ontzeko.
Azken hilabete hauetan, dagoeneko martxan diren hainbat proiektutan panelak, ateak eta ekipoak hornitzen aritu gara, eta horietako bat, bereziki, erronka izan da Kiderentzat, bere tamaina eta diseinuagatik, produktu izoztuetarako hotz biltegi autosostengagarri berri hori erreferente izango baita eraikuntzari dagokionez.
Kide hazkunde betean dabil LATAMeko proiektuarekin. Nola eragiten ari zaio negozioari?
Aurten, bereziki, LATAMen salmenta errekorra izango da, eta, zenbaki horiek errepikatzea zaila izango den arren, datorren urtean ere lan ildo beretik jarraitzea da asmoa. Lehen mailako enpresekin kontratuak sinatzen eta proiektu garrantzitsuak gauzatzen ari gara, duela urte batzuk Kiden pentsaezinak izango zirenak.
Zer aukera ikusten dituzu Kiderentzat LATAMen datozen urteetan?
Aukerak dauden kontinente bat dela uste dut, baina baita zailtasunak ere. Pausoz pauso joan behar dugu, egunetik egunera hobetuz eta beti bezeroari begira, gure lehiakideengandik bereizten gaituzten produktu eta zerbitzurik onena eskaintzeko.
Kiden 360º-ko zerbitzurik onena eskaintzeko lanean jarraitu behar dugu, gure katalogoan soluzio eta produktu gehiago sartuz, gure bezeroei beren proiektuak berme osoz garatu eta osatu ditzaten laguntzeko.
Datu zehatzen bat edo iruzkinen bat gehitu nahi zenuke?
Mundua gero eta txikiagoa dela esango nuke. Leku gehiagotara iritsi ahal izateko abantaila da hori, baina, aldi berean, gure lehiakideak ere iritsi daitezke, eta, beraz, ezin gara erlaxatu, eta arlo guztietan lanean eta hobetzen jarraitu behar dugu.
Bestalde, mundu globalizatu honetan, urrutiko herrialde batean izanda ere, edozein gertaerak eragin handia izan dezake gugan, eta, beraz, adi eta prest egon behar dugu erabakiak azkar eta eraginkortasunez hartzeko, erabaki horiek sortu ditzaketen ondorioak ahalik eta gehien murrizteko, batez ere lehengaien prezioetan, logistika kostuetan, etab.
Bisita komertzial batean gertatu zaizun pasadizo dibertigarri edo bitxiren bat?
Hainbeste bidaia egin ondoren, horietako asko hegazkinez, esperientzia berezi batzuk beti etortzen dira gogora. Gogoan ditut Bilboko lurreratzeak, eta beste aireportu batzuetara desbideratu beharra, hala nola Iruñera edo Zaragozara. Caracasera iritsi nintzen eguna ere etortzen zait gogora, Chavez presidentea hil berri zela. Beste batean, bezero baten instalazioa eskoltak lagunduta bisitatu behar izan nuen Managuako ekialdeko merkatuan. Eta ez dut ahazten Jamaikako hegaldi hura, emakume bat trantzean sartu eta oihuka hasi zenean, bidaiari zuri bakarra ni nintzela.
Hainbeste esperientzia pilatzen dira lanbide honetan, seguruenik asko bidean utziko ditut. Kiden Latinoamerikarako zuzendari komertziala izateko zortea dut, eta, horri esker, aukera dut hainbat herrialdetan zehar ibiltzeko, kultura bakanak ezagutzeko eta gure bezeroengandik gertu egoteko, haien beharrak bertatik bertara ulertzeko. Bidaia bakoitza aukera bat da ikasteko, loturak sortzeko eta proiektuetan aldea markatzen duten soluzio berritzaileak eramateko.



