Jarri harremanetan

50. urteurrena ospatu du KIDEk

  • Imanol Pradales lehendakariak eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak KIDEren produkzio-planta bisitatu dute 50. urteurreneko ekitaldi nagusian.
  • KIDEk, MONDRAGON Korporazioan integratutako kooperatiba industrialak, 190 langile ditu, guztiak Berriatuan (Bizkaia).
  • Nekazaritzako elikagaien, supermerkatuen, HORECA eta farmazia sektoreetan presentzia du eta 2025ean KIDEren salmentak 43 milioi eurokoak izatea aurreikusten da.

KIDEk 1975eko urtarrilaren 9an hasi zuen bere historia Berriatuan (Bizkaia), Caja Laboral Popularraren bultzadarekin. Fundatzaileak, Arrasateko Goi Eskola Politeknikotik eta Markinako Ofizialen Eskolatik zetozen gazteek, gaur 50 urte betetzen dituen historia bati ekin zioten.

Une onez eta txarragoez beteriko historia. Joan-etorriekin, Indian merkatua irekitzeko ahaleginekin eta Txinan egonaldi luze batekin. Pertsona arrunten istorio, pasadizo, agur eta pozez beteriko mende erdia.

Gaur egun, KIDE hozte-soluzio integralak diseinatzen eta fabrikatzen dituen kooperatiba industrial handia da.

MONDRAGON Korporazioko kooperatiba bat. Proiektu sozio-ekonomiko sendoa, berritzailea eta globala duena.

Berriatuako (Bizkaia) 8.000 m²-ko produkzio-instalazioetatik mundu osoko bezeroei zerbitzua ematen die, esportaziorako joera nabarmenarekin, % 50etik gorakoa. Urtero, KIDEk 330.000 m² panel, 9.000 ate pertsonalizatu eta 2.800 hozte-ekipo ekoizten ditu. Panel eta ateen fabrikak % 100 eskaerapean egiten du lan, eta urtean 5.000 eskaera baino gehiago prozesatzen ditu.

Iragana, oraina eta etorkizuna

KIDEk urte osoan zehar ospatu du bere 50. urteurrena, hainbat kirol-ekitalditan parte hartuz eta Ondarroan eta Berriatuan ekitaldiak babestuz. Hala, gaurkoak eta urriaren 4an, larunbata, egingo den Familien Egunak emango diete amaiera ospakizun-ekitaldiei.

Gaur egindako ekitaldi instituzionalean Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izan da. Hitzordua produkzio-plantara egindako bisita gidatuarekin hasi da. Bisitaren ostean, erakundeetako ordezkariek hitza hartu dute: Imanol Pradales, lehendakaria; Elixabete Etxanobe, Bizkaiko ahaldun nagusia; Ainara Basurko, Bizkaiko Ekonomia Sustatzeko diputatua; Pello Rodriguez, MONDRAGON Korporazioko presidentea; Urtza Alkorta, Ondarroako alkatea; eta Joseba Goienola, Berriatuko alkatea.

Erakundeetako ordezkariekin batera izan dira uneoro Agustin Bengoetxea KIDEko presidentea, Mario Lopez enpresako zuzendari nagusia eta Leire Mugerza MONDRAGONeko Kongresuko presidentea.

Pertsonak erdigunean

Agustin Bengoetxea kooperatibako Kontseilu Errektoreko presidentea esker onez agertu da erakundeetako ordezkari guztiei 50. urteurreneko ekitaldian parte hartzeagatik, eta “kooperatibaren bereizgarri nagusia: gure pertsonak” direla nabarmendu du. Eredu kooperatiboa, Bengoetxearentzat, funtsezkoa izan da Lea-Artibai eskualdearen garapen ekonomikoan. “Krisia gainean genuenean eta hemen etorkizunik ez zegoenean, kooperatiba industrialak funtsezkoak izan ziren Ondarroak, Berriatuak eta eskualdeko gainerako herriek aukera bat izan zezaten”.

MONDRAGONeko presidenteak KIDE zoriondu du urteurrenagatik. “Oso proiektu interesgarria duzue eta modu ikusgarrian egin duzue aurrera. Jarraitu lanean eta beti izango gaituzue alboan”.

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak ziurtatu du Kide “denok bilatzen dugunaren adibide argia dela: Bizkaiko eskualde guztietan enplegua eta aberastasun soziala sortzen duen jarduera ekonomikoa sortzea. Bizkaiko Foru Aldundiak enpresen ondoan egon behar duela esaten dudanean, honetaz ari naiz: beren ingurunean enplegua eta aberastasun soziala sortzen duten proiektuen garapena babesteaz. Berriatuan, Lea-Artibain”. Etxanobek gaineratu du ordezkatzen duen erakundearentzat “pozgarria izan dela Kideri bere eraldaketa- eta hazkunde-prozesuan laguntzea, Ekonomia Sustatzeko Saileko hainbat laguntza-programaren bidez, lau lehentasun estrategikotan oinarrituta: talentua, digitalizazioa, jasangarritasuna eta berrikuntza”. Azkenik, KIDEk ingurune sozialarekin duen konpromisoa eta “modu oso berezian euskararekin duzuen inplikazioa” azpimarratu nahi izan ditu.

Imanol Pradales Lehendakariak KIDE zoriondu du bere 50 urteko ibilbideagatik eta kooperatibismoaren balioak azpimarratu ditu arrakastaren oinarri gisa. “Hau da Euskadin praktikatzen dugun lehiakortasun eta ongizate eredua: enplegua eta aberastasuna sortzea pertsonaren —ez gizabanakoaren— eta komunitatearen hazkundearen zerbitzura”. Era berean, Pradalesek nabarmendu du “erakunde publikoek, enpresek bezala, arriskatu egin behar dugula. Horregatik aurkeztu genuen ‘Euskadi Eraldatzen 2030’ ekimena, gure Herriaren hazkundean funtsezkoa izatea espero duguna. Gainera, ikerketa eta garapenerako Hazitek laguntzak indartu ditugu. Eta duela hilabete batzuk funts berri bat jarri genuen martxan kooperatiba industrialak bultzatzeko”. “Duela 50 urte bezala, ziurgabetasun garaietan, indartuta aterako gara”, adierazi du.

Ekitaldi hunkigarri eta dinamikoa

Nerea Reparaz EITBko kazetariak aurkeztutako ekitaldian Fanny Desk bikotearen musika emanaldia izan da. Gainera, 50. urteurreneko hainbat bideo oroigarri eta korporatiboz gozatzeko balio izan du ekitaldiak.

 

Aholkularitza edo aurrekontua behar duzu edo zalantza teknikoren bat duzu?

Jarri harremanetan